Helburuak:
Ikastetxearen Hizkuntza Proiektua dokumentu bat da, baina, batez ere, lan tresna izan behar du; hezkuntza komunitateak hizkuntzen trataerari dagokionez adostutako helburuak lortzen lagunduko diguna.
Gure ikastetxean argi izan dugu beti hizkuntza komunikazio eta elkarbizitzarako tresna dela. Beti, jakin dugu, gainera, hizkuntzen lanketak integrala, globala, izan behar duela; ikastetxearen komunikazio-testuinguru osoan eragin egin behar duela.
Horretarako erabili izan dugun tresnarik indartsuena Normalizazio Plana izan da. Berari esker, gure hezkuntza komunitatearen komunikazio testuingurua eta hizkuntzen garapenean eragiten duten eremu guztiak zehatz-mehatz aztertzeko aukera izan dugu azken urteetan. Ondoren, eremu horietan eragiteko helburuak ezarri dira, jarduerak planifikatu eta ebaluazio adierazleak lotu. Horrela bada, lan handia badugu eginda dagoeneko, Hizkuntza Proiektuak orain arte landu ditugun esparru guztiak biltzen baititu, eta Hizkuntza Normalizazio plana bete-betean.
Ikastetxearen Hizkuntza proiektuak, ordea, haratago doa, hau da, ikastetxean irakasten diren hizkuntza guztien trataera bateratua lortu nahi du. Egun, gure erronka eta hezkuntza sistema osoarena elebitasuna bermatzea eta sendotzea da, hezkuntza eleaniztun baten barruan. Horrez gain, atzerriko hizkuntza batean egoki moldatzea. Helburu horiek lortzen lagunduko digu proiektu horrek, aurretik esan bezala, lan-tresna bilakatuta; alde batetik, eremu pedagogikoetan zein instituzionaletan gertatzen diren hizkuntza ekintzak aztertuz, eta, bestetik, antzemandako beharrei, guztion adostasunez, elkarlanean, erantzun koherentea, bateratua eta sistematikoa emanez.
Ezarritako helburuak
- Euskara gure Hezkuntza eta Hizkuntza Proiektuen ardatza izango da.
- Heziketa euskalduna eman nahi diegu ikasleei, euskara modu egokian jakin eta euskal kultura sendotzeko, euskararekiko motibazioa eta jarrera positiboa garatuz.
- Herritar eleaniztunak lortu nahi ditugu. Mundu gero eta elkartuago honetan hain beharrezkoa den beste hizkuntza batzuen erabilera eta ezagutza, hizkuntza ofizialez gain, (gure kasuan ingelesa) bultzatzeko behar diren neurriak indartuz.
- Hizkuntzen irakaskuntza inklusiboan oinarritzen den ikastetxea nahi dugu. Hau da, ikasleen jatorrizko hizkuntza edozein izanik ere, denek beren konpetentzia eleaniztuna osoki garatzeko bidea eman behar dugu, betiere aukera-berdintasuna, justizia eta ekitatea bermatuz. Horrez gain, hizkuntza erabilera ez sexista bermatuko da.
- Hizkuntza aniztasuna eta kultura aniztasuna eskubideak direla kontuan harturik, kultura-artekotasuna bultzatuko duen ikastetxea nahi dugu, bazterkeria eta bereizkeria gainditzen saiatuz.
- Hizkuntzen trataera integralaren alde gaude, hizkuntza irakasleak ez dira, Euskara ardatza hartuta, eleaniztasunean garatzen konprometituko diren bakarrak, eskola osoa baizik. Beraz, hizkuntzen irakaskuntza erabileran oinarritzen denez, Euskara bihurtu nahi dugu barne bizitzako komunikazio hizkuntza.
- Etengabeko hobekuntzaren alde gaude, irakaskuntza nahiz metodologia berritzaileekin konprometituta, ikasle guztiek dute kalitatezko hezkuntza bat izateko eskubidea, bai eta prestakuntza maila handia izan arren, etengabe ikasten jarraitzen duten profesionalen esku egotekoa ere. Prestakuntza horrek ez ditu azken xedetzat irakasle eta eskoletako langileak hartzen, ikasleak baizik, eta alde horretatik, irakasleek konpromisoz eta arduraz jokatu behar dute delako prestakuntza hori praktikan jarriz eta aurretiaz eleaniztasunari lotutako helburuak ikasturte ikasturtez betetzen.